EKI

Zer da EKI?

EKI proiektua ikasmaterial berri eta berritzailea da. Euskal Curriculuma garatzen du, konpetentzietan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez.

Euskal Curriculuma bizkar-hezur

EKI proiektuak, pertsonaren garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izadikide gisa) lortu ahal izateko oinarri sendoak finkatzea bilatzen du; euskal kultur espezifikoaren eta unibertsalaren oinarriak eskuratzea; ondorengo ikasketak egiteko eta lan munduan aritzeko prestatzea; eta bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko prestatzea. EKI proiektua, beraz, Euskal Curriculumaren garapena liratekeen ikasmaterialak dira.

Konpetentzietan oinarrituta dago. Europako zuzentarauek ezarri dute irakaskuntzak konpetentzietan oinarritu behar duela. Dagoeneko ez da nahikoa jakintza akademikoa eskuratzea. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak; pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

EKI proiektuak lau osagai kurrikular ditu: konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da; euskal kultur ibilbidean eta curriculum ofizialetan oinarritzen da; ikas arlo guztietan prozedura sistematizatuak errazten dira, ikasten eta egiten jakiteko; eta euskara ardatz duen hizkuntzen planteamendu integratua egin da.

EKI material berriok Integrazioaren Pedagogia hautatu dute, irakasleek errazago irakasteko, ikasleek eraginkorrago ikasteko eta gurasoek prozesu horretan esku hartzeko. Egoerei irtenbideak aurkitzen ikasi behar du ikasleak, ikasitakoa egoera berrietan baliatzeko. Benetako egoera esanguratsuen aurrean jarrita, ikasleek egoera horietan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitu behar dute; irtenbideak aurkitzen saiatu, bakarrik eta lan taldean moldatu, arazoen soluzioa erdietsi eta egoera berrietan ikasi dutena baliatu.

Proiektu aitzindaria da Europan. Izan ere, beste lurraldeetan lehengo ikasmaterialak egokitu egin dituzte konpetentzietan oinarritutako ereduetara. EKI proiektua, berriz, zerotik (baina ez hutsetik) abiatuta egin da, ezaugarri dituen hiru oinarriak (euskal curriculuma, konpetentziak eta integrazioaren pedagogia) aurrera eramateko. Azken batean, XXI. mendeko hezkuntza berritzeko apustu euskalduna da EKI.

 

EKIren edukiak

Bi euskarritan aurkezten da EKI proiektuaren materiala, paperean eta digitalean. Era berean, Bi euskarriak ez dira banaka aurkezten, elkarren osagarri gisa baizik, ikasleek IKTren konpetentzietan eta ezagutzan sakon dezaten.

DBHrako prestatutako proiektuaren barruan sei alor jorratzen dira:

-Euskara eta Literatura

-Lengua Castellana y Literatura

-English

-Matematika

-Gizarte Zientziak

-Naturaren Zientziak.

2012-2013 ikasturtean, DBH1 erako materiala prestatu da baina urtez-urtez DBHko gainontzeko mailetara hedatuko da.

Unitate didaktikoak jasotzen dituen ikasmaterialaz gain, jarduera fitxak, portafolioa eta lan-koadernoak ere baditu.

Ekiguneak, EKI proiektuaren webguneak, euskarri digitalak biltzen ditu: audioak, bideoak, animazioak, irudiak, jarduera osagarriak, konpetentzia digitala lantzeko fitxak eta informazio-testuak.

 

Ebaluazioa:

Integrazioaren Pedagogiaz aritu garenean aipatutakoaren ildotik, ebaluaketan BI ESPARRU hartuko dira kontuan:

  1. Ikasleek egoerari irtenbidea eman dakion beharrezko izango dituen baliabideak, EDUKIAK (ikasi beharreko kontzeptu eta prozedurak).
  2. Egoera berriari irtenbidea emateko gai dela erakutsi behar du ikasitako edukiak mobilizatuz. KONPETENTEA dela erakutsi behar du.

Konpetentzien barruan, oinarrizkoak ere landuko dira ebaluazioan zehar: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

Nahiz eta jarduera asko taldean egingo dituzten, ikasle bakoitzak BANAKA pasako ditu aipatutako bi froga motak (edukiak jaso dituen ala ez neurtzen duena eta konpetentea den ala ez neurtuko duena, alegia).

 

Informazio gehiago www.ikaselkar.com/eki