Historia

Hastapenak 60ko hamarkada

60. Hamarkadan Anoetan , herriko guraso, gazte euskaltzale eta beste zenbaiten laguntzaz ikastola sortzea erabaki zen. 1968. urte bukaeran Tere Mozok, Sánchez Ramos Hezkuntzako Ikuskariarekin hitz egin zuen, eta honek ikastola sortzeko hitzezko oniritzia eman zion.1969ko otsailean sortu zen Anoetako Ikastola, 23 ikaslerekin parrokiaren lokal batean. Urte hartako martxoan gurasoek lehenengo junta osatu zuten. Hasierako urte haietan diru kopuru handia behar zenez, zenbait zozketa eta abesti jaialdi antolatu behar izan ziren.

 

70ko hamarkadan ofizialtasuna eta handitzea

1971.urtean ikastolaren ofizialtasuna lortu zen, eta “Escuela Parroquial” izatetik “Escuela Titulada” izatera pasa zen. Honela Hezkuntza Sailean bere errekonozimendua lortu zuen. Hasieratik Anoetako Ikastola Tolosakoaren babesean aritu zen. Hori dela eta, honen zerrendetan agertzen ziren Anoetan ikasleak.

1973.urte inguruan, ume gehiago zeudenez, leku handiago beten bila hasi zen eta parrokiak zituen lokaletik gaur egun Botika eta Harategia dauden baxeretara pasa zen, Herriko Plaza 2 zenbakira, alokairu baten truke.

1974.urtean bigarren junta eratu zen, eta Patxi Aierbe izendatu zuten Juntako lehendakaria. Arazo ekonomikoek sortutako itolarria gainditzeko, beste hainbat zozketa, jaialdi, taberna etab. antolatu ziren eta ondoren, Ikastola poliki-poliki indarberritzen hasi zen. 1974eko martxoaren 7an Kale Berriko 2.zenbakian dagoen baxera erosi zen, hamahiru gurasoen izenean. Lokala erosi ondoren, Ikastola ente juridiko bezala antolatzea erabaki zen, eta kooperatiba sortu zen. Garai haietan, Eskola Nazionaletan umeak sei urterekin hasten ziren, Ikastolan,aldiz, hiru urterekin. Honek arazo larria sortzen zuen, izan ere hauek sei urte betetzen zituztenean Eskoletara pasatzen ziren.Arazo honen aurrean zazpi urte betetzen zituztenean Tolosako Ikastolara eramatea erabaki zen beren ikasketak euskaraz jarrai zezaten.

78-79.ikasturtean  Ikastolan 2 gela zeuden bi irakasleekin. Baina hurrengo ikasturtean,ume gehiago zeudenez Udaletxera jotzea erabaki zen gela berri baten eske. Udalak Solkorre kaleko 6. zenbakian gela bat utzi zuen. Gela berri honetarako irakasle berri bat hartu zen. Garai honetan ikastolako egoera ekonomikoa larria zen.

 

 

80ko hamarkadan eraikin berria Ikastola eta Eskola Naziolanalarentzat

1980ko irailaren 8an, Anoetako Herri Ikastola S.Coop.LTDA sortu zen.

81-82.ikasturtean O.H.O.ko ikasketak Ikastolan jarraitzeko aukera eman zen. Ikasturte honetan 2.mailatik aurrera Ikastolaren eskaintza mailaz-mailaz  luzatzen joan zen, eta honekin batera 2 irakasle berri sartu ziren. 82-83. Ikasturtean, behar adina gela ez zegoenez 3. maila elizak Iruran zuen lokal batean jarri zen.

83-84. Ikasturtea oso garrantzitsua izan zen, alde batetik, kartilak Ikastolan bertan beteko eta bideratuko zirelako eta bestetik, ikastolako kontabilitatea “Plan Nazionalaren” barruan sartu zelako. Ekainaren 10ean Ikastolaren Eguna antolatu zen lehen aldiz. Ikasturte honetan ere, udaletxeak bai Eskola Nazionalarentzat bai Ikastolarentzat egoitza berria egiteko erabaki ofiziala hartu zuen.

1984-85.ikasturtean Ikastolak Gau eskola antolatu zuen. Lau ikasturtez iraun zuen. Diru laguntza urritu zelako, ordea, bertan behera utzi behar izan zen. Ikasturte honetan ere bi barrakoi jarri ziren herriko plazan, eta 84-85.ikasturtean barrakoi berriak jarri ziren. Ikastolaren hazkundea nabarmena izan zen. 86-87. Ikasturtean, administrazioari zegozkionak koordinatzeko arduradun bat jartzea erabaki zen. Ikasturte berean, Ikastolaren kooperatiba egituraren oinarriak, estatutuak, berritu egin ziren.

1987-88.ikasturteak  erabateko garrantzia izan zuen Ikastolarentzat, egoitza berria errealitate bihurtu baitzen. Obrak 1986ko martxoan jarri ziren martxan. Inaugurazio ofiziala 1987ko azaroaren 15ean izan zen eta ikasturte honetan atera zen O.H.O. osoa Anoetako Herri Ikastolan egin zuen lehengo promozioa. Ikasturte honetan, bi urteko haurrentzako gela jarri zen Ikastolak San Juan kalean zituen lokaletan. Ikastetxe berean bi hezkuntza modelo desberdin zeudenez, Ikastola eta Eskola Nazionala, harremanak onak izatea behar-beharrezkoak ziren.

90eko hamarkada: Ikastola bakarrik gertau zen herrian

90-91.ikasturtean, Anoeta eta Irurako Ikastolak, arlo pedagogikoan eta administratiboan bietako zuzendaritzak bat eginez baina titularitate desberdinei eutsiz elkartu egin ziren. Ondoko ikasturteetan Eskola Nazionalaren gelak gutxituz joan ziren, eta 91-92.ikasturtean Ikastola bakarrik gelditu zen egoitza berrian.

91-92.ikasturtean, Batzar Orokorrak Ikastolako Hezkuntza Proiektua (I.H.P.) onartu zuen. Dokumentu honetan Ikastolaren nortasun edo identitate ezaugarriak eta helburu nagusiak zehazten dira.

1993ko otsailaren 19an  Euskal Eskola Publikoaren legea onartu zen.  Anoetako Herri Ikastolak , Batzar Orokorrean, sare publikoan ez integratzea erabaki zuen. 93-94. Ikasturtean baratza martxan jarri zen. 1994.urtean ikastolak 25. Urteurrena ospatu zuen.

1994-95.ikasturtean ikastolako jangela abian jarri zen eta hasieran Irurako ikasleak ere etortzen ziren.1995-96. Ikasturtean Anoetako Herri Ikastolak DBH lortu zuen. 1998-99. ikasturtean ikastolatik DBHko lehenengo promozioa atera zen. 1998. Urtean Tolosaldean Kilometroak ospatu zen eta  bertan Anoetako Herri Ikastolak eta Irurako Ikastolak parte hartu zuten.

Mende berriarekin Qa eta 2 urteko gela Ikastolan

2002-2003.ikasturtean Irurako ikastolako ikasleek Lehen Hezkuntza bertan egiten hasi ziren, eta handik aurrera behin LH bukatu ondoren gugana etortzen dira. 2003. Urtean EFQM ereduaren zilarrezko Qa lortu genuen. 2008-2009.ikasturtean 2 urteko gela Ikastola bertan ipini zen.