Ikaskuntza kooperatiboa

Anoetako Herri Ikastolak oinarrizko balore batzuetan sustraitzen du bere jarduera. Besteak beste, desberdintasunak gainditzen ahalegintzea eta komunikazio giroan elkarlanean jardutea.

Balore horiek bat egiten dute Euskal Curriculumak biltzen dituen helburu/ konpetentziekin; hau da, gure ikasleek elkarrekin bizitzen ikas dezaten lortzea.

Horiek guztiak aintzat hartuta, azken urteetan erronka berezia egiten ari gara bizikidetza arloan: ikasmaila guztietan Gizarte Trebezien lanketa sistematikoa, HHn “Lasaitze txoko”en ezarpena, LHn “Adostoki”en erabilpena, ...

“Ikaskuntza kooperatiboa” izeneko proiektua ildo beretik doa. Ikaskuntza kooperatiboa lana egiteko metodologia (modu) desberdina da: Lana taldean egiten da. Taldeak gehienez ere lau kidez osatzen dira. Taldekide bakoitzak zeregin zehatza dauka, baina taldeko lana osatzeko ez da nahikoa zeregin indibidual horiek batzea. Nahitaezkoa da taldean lana kooperatiboki egitea. Honek zera esan nahi du: ikasle bakoitzak bere helburuak izateaz gain, taldeak berak ere lortu beharreko helburu batzuk izango dituela. Taldekide guztion erantzukizuna izango da, elkarri lagunduz, taldeak bere helburuak lortzea.

Kooperatiboki lana egiten dugunean ikasle guztien parte-hartzea bermatzen dugu, eta era berean ikasleen arteko interakzioa bultzatzen dugu. Landu eta hobetzen dira:

­   - eskola inklusioa

­   - ikasleen arteko solidaritatea

­   - ikaslearen gizarte trebeziak

­   - ikaslearen autonomia

­   - banakakoari egokitutako irakaskuntza

 

Proiektuaren aplikazioak hiru fase edo esku-hartze eremu ditu:

-       elkar hobeto ezagutzeko eta taldeko kohesioa areagotzeko jarduerak (dinamikak) biltzen dituen eremua.

-       irakasgaiaren (matematika, gizarte, hizkuntzak, …) edukiak lantzeko egitura kooperatibo desberdinen aplikazioa biltzen duen eremua.

-       Talde lana eduki gisa hartzen duen eremua, hau da, taldean lan egiten ikasteko jarduera eta tresnak biltzen dituen eremua.

 

Ikaskuntza kooperatiboa Ikastolako maila guztietan aurrera eramaten den proiektua da, etapa bakoitzean adinari egokitutako jarduerak aplikatuz.