IKT plana

Anoetako Herri Ikastola, euskara eta euskal kultura ardatz duen ikastetxea da, kalitatea ezaugarri duela, eta horren altzoan IKT Plana deituriko egitasmoa garatua du azken urteotan. IKT plan honen xedea, Informazio eta Komunikazio Teknologietan urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa egitea izan da, IKTak ikastola osoan garatzeko plana diseinatuz eta aurrera emanez.

Hezkuntzaren xedea, gizakiak, gizabanako gisa, gizartekide gisa eta izadikide gisa, ahalik eta gaitasun gehien garatzea da. Ikasleari, bizitza guztirako baliagarri izango dituen oinarrizko baliabideak eskaintzea: Euskal curriculumaren arabera, gazte batek bizitzarako behar bezalako prestakuntza izango du, baldin eta derrigorrezko eskolaldian– oinarrizko –konpetentziak, orokorrak eta espezifikoak zenbat eta gehiago garatu.

Ikasleek oinarrizko konpetentzia hauek lor ditzaten, IKT baliabideek izugarrizko aukerak eskaintzen dizkigute, lan egiteko era berriak ahalbideratzen dituzte, beti ere ikasleak eragile aktibo bihurtzeko asmoz.

Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma”ren arabera IKT konpetentzien definizioa hauxe da: 

“Ikaslea gai da, bere bizitzako eremuetan, egoera bakoitzak eskatzen duen IKT baliabideen erabilera egokia, eraginkorra eta arduratsua egiteko: informazioa kudeatzeko, elkarlanean aritzeko, ekintzaile izateko eta horrekin guztiarekin ezagutza sortu eta partekatzeko".

Informazioa bilatu, prozesatu eta komunikatzeko konpetentziak bermatuz, ezagutza sortzeko gai diren ikasleak hezi behar ditugu. Horretarako, irakasleek, ikastolaren pedagogia-curriculum proiektuekin bat datozen IKT baliabideak erabiliz, metodologia berritzaileak eta kolaborazio-proiektuak bultzatu behar dituzte eta horretan laguntzen digu IKT planak.

Ikastolak behar duen hardware, software, profesionalen prestakuntza eta dinamizazioa antolatzen ditu IKT planak, bai hezkuntza-prozesuan (ikas-irakaskuntza) eta bai eskolaren kudeaketan eta antolaketan, modu koherente eta aproposean.