Irakurketa ulerkorra

Irakurketa ezinbesteko faktorea da oinarrizko gaitasunak garatzeko eta komunikaziorako gaitasuna sendotzeko. Esperientziak esan digu irakurtzea ez dela soilik hasierako urteetan lortzen den trebetasuna. Hori baino askoz gehiago da, bizitza osoan zehar irauten duen prozesua da. Egia da, irakurtzen irakurriz ikasten da, baina irakasleak erraztu dezake bide hori bere laguntzarekin.

Baita ere esan behar da arlo guztietako irakasleek irakatsi behar dutela irakurtzen eta ez hizkuntzetako irakasleek bakarrik, irakurketa ulermenarekin eta edukiarekin estuki lotuta baitago.

Azken urte hauetan egiten ari diren ebaluazio diagnostikoan edozein konpetentziaren arrakasta, hein handi batean, irakurketa gaitasun mailan dagoela ikusirik, 2010-2011 ikasturtean Lasarteko Berritzegunean martxan jarri zen IRAKURKETA ULERKORRA mintegia. Bertan, Anoetako Ikastolak beste hainbat ikastetxerekin batera parte hartzen dugu. Emilio Sánchez Salamancako katedraduna izan zen joan den ikasturte arte gure  gidari eta aurten Berritzeguneko Josune Erkizia.

Mintegi honetan ez gara ari irakurzaletasuna sustatzeaz, baizik eta UNITATE DIDAKTIKOetan irakurtzen ditugun testuak ondo ulertzeaz, ahal dugun etekin hoberena ateratzeko

2010-2011 ikasturtean formakuntza saioetan parte hartzen hasi ginen irakasleek jarraitzen dugu Berritzeguneko saioetara joan eta ikasitakoa geletan aplikatzen. Ikastetxean ere formakuntza zabaltzen hasi ginen duela hiru urte eta  gaur egun LH,  DBH eta laguntza gelako hainbat irakaslek parte hartzen dute barruko formakuntzan geletan aplikatuaz .