Kidetzeak

Horrela deitzen diogu Ikastolaren barruko giroa eta ikasleen arteko harremana sustatzeko burutzen ditugun hainbat ekimenei. Gehientsuenak Ikastolako borobilean gauzatzen dira. Emanaldi hauek gehienetan famili kideei zabalik egoten dira eta zirkularren bidez jakinarazten zaie.

Lehena euskararen egunaren harira, abenduaren 3an burutzen den jaialdia da. Ikastolako borobilean arratsaldeko emanaldian, gela ezberdinek egunerako prestatu dituzten dantza, abesti, antzerki edo aurkezpenak gauzatzen dituzte. Ondoren gonbidatu berezi bat jasotzen dugu gurean, bere ibilbidearen berri eman eta bere esperientzia partekatzeko.

Gabonetako oporralditxoa hartu aurretik goiz berezia izaten da azkenekoa. Gela bakoitzak beste gelei opari txiki bana banatzen die, laguntzeko gainera espresuki egunerako asmatutako bertso edo kanta abesten dute. Gela ezberdinak kalejiran joaten dira ikastolan zehar beste ikaskideei euren opariak eta kantak eskainiz. Sarri egun honek, Santo Tomas egunarekin bat egiten du eta aurretik DBH 4ko ikasleek txorixo pintxoak saltzen dituzte ikas-bidaiarako dirua lortzeko. Patioko tartea ere luzatu egiten da buruhandien irteerarekin.

Iñauterien bueltan seguruenik garrantzitsu eta entzunena asteazken iluntzeko jaialdia da, baina ostegun gizeneko goizean ere, buruhandiak irteten dira patiora eta DBH 4koek txorixo pintxoak saltzen dituzte guztioi gozamenerako.

Neguko sasoian, asteburu batean urtero, eski-irteera burutzen dugu. Irteera Irurako Ikastolako ikasleekin batera gauzatzen da.

Kurtso amaieran beste bi ekintza berezi izaten ditugu. Batetik Ikastolaren eguna eta bestetik kurtso amaierako emanaldia. Ikastolaren eguna ekainaren hasieran ospatzen dugu eta bertan egitarau bete betea izaten dugu: futbol-partida, erakusketa, joko eta bazkaria tarteko. Kurtso amaierako emanaldiak euskararen egunekoaren antz handia du. Ikastolako borobilean goizez, gela edo ikasgai ezberdinetako ikasleen emanaldiak izaten ditugu ikusgai.